|
Sarrera
|
|
Txikitan, etxeko leihotik maiz ikusi izan dut Oiartzun ibaia koloredun. Parez pare hainbat urtetan izan dudan eraikuntza erraldoi horren estoldetatik irten ohi ziren zuri, berde eta more-marroiska koloredun apar eta urak. Eta halakoetan neure baitarako honakoa pentsatu ohi nuen: "Lantegi hori, zikinkeria botatzen duen baino beherago ura hartzera behartzerik balego akabo kolore artifiziala!" Beranduago, non esaten didan bertako langile batek papertegi batek ezin duela hala-moduzko urik hartu; ur garbiaz baliatu behar duela! Hau komeria, zikintzen duenak ura garbia behar! |
|
|
![]() |
Urte gutxiren buruan, salabardoz eta argiz hornituta gauez ibili ohi ziren angula biltzaileen gutiziek amaia ezagutu zuten eta ordean, ibilgailuen neumatiko, inguruetako hipermerkatuetako karro, kartoi kaxa eta hainbat altzarik "kolonizatu" zuen nire etxe pareko ibaia. Zelulanitzeko bizidunen tokian burdinazko arropa garbigailu baleak, Indurain eta Fitipaldi arraientzako olio eta "errepuestoak", aingira eta ahateak musean aritzeko aulki eta mahaiak, dutxatzeko nahi adina xaboi, jostailuak eta ,batez ere, erosketak eta zaborra biltzeko milaka plastiko poltsa poliki-poliki Pasaiaratzea eguneroko kontua bihurtu zen. |
|
|
Polita izan gabe ere, kuriosoa gertatzen zitzaidan nire, eta gainontzekoen, "kaka-mokordoen" lasterketa ikustea. Lehenik norberaren "kaka-mokordoa" identifikatu behar izaten zen. Nik ez nuen behin ere lortu. Gainerakoek, komuneko paper koloreduna erabiltzen zutenez, bestelakorik ikusiz gero "nirea" zela erabaki ohi zuten. Zergatik? Bada, guk eraikuntza erraldoiak sortutako Elefante lixadun paper kaka-kolorea erabiltzen genuelako eta hala, emaitzak nahitaez marroiska behar; mokordoa eta papera dena nahasian. Ondoren, norberaren trofeoa jarraitu behar izaten zen Matxain pareko zubitik hurrengoraino. Ur haietan bainatu izan naizela pentsatzeak triste jartzen nau!. Azkenerako, non eta egunkarian jakin behar izan nuen nire ibaia zikintasun maila neurtzen duen Europako txapelketan hirugarren izan zela! Alkatearen poza! Isuna handik eta hemendik, koilara erraldoiek eta ehundaka kamioik hustu zuen ibaiaren hondoa. Baina alferrik, urte gutxiren buruan zaborrez lepo zen ostera. Orain, aldiz, ubide edo kolektorean zehar egin ohi dute lasterrean gure kaka-mokordoek itsasoraino (Itsasoa betetzen lan gehixeago izango dugu, baina arian-arian lortuko dugu ezbairik gabe!). |
||
|
|
Koxkorxeago nintzelarik, nire ibaiaren goialdean kokatzen den Oiartzungo Haurtzaro Ikastolan lanean hastea egokitu zitzaidan. Ohikoa denez, "Zenbat urte dituzu?, Ezkonduta al zaude?, Seme-alabarik?, Nongoa zara?..." moduko galderez itaundu ohi ninduten ikasleek. Eta Errenterian jaioa nintzela esan orduko... "Ikaragarrizko kiratsa dago zure herrian! Usain txarra! Erreka kutsatua dago!..." mintzatu ohi ziren harro eta ozenki. Halakoetan nire gogoan barrena tankera honetako galderak igaro ohi ziren: "Nora doazela uste duzue, bada, zeuon kaka-mokordoak lasterketan? Ez al dakizue ibaietako urek goitik beherako ibilbidea egiten dutela? Eta baratzetan erabilitako nitratodun ongarriak nora iragazten dira? Eta nora ote doaz Labadoretako xaboi eta lixibak? Nora Arditurriko metalak? Nora, halaber, sukalde eta autoetako olioak? Nork botatzen ditu Ergoin, Altzibar, Iturriotz, Ugaldetxo eta Arragun ikus litezkeen plastikoak?... Zenbat ur xahutzen ote dugu eguneroko ekintzetan?... Gizarajoak! Gure Oiartzun ibaiaren egoera lauren kontua balitz! | |
| Denboraren joanean, bailarako udaletxe eta herritarren iniziatiba tarteko, estolderiak, ubideak eta kolektoreak eraiki eta berrituz joan dira. Ibaiertza garbitzeko hainbat deialdi burutu da... Hamaika ekimenek ibaiko uraren kalitatea hobetzea ekarri du eta gaur egun ibaiaren azpia nabarmen uzten duen ur gardena ikus genezake, amuarrain, zapo, igel, korkoin eta guzti. Ezin ahaztu zenbait herritarrek, modu partikularrean, ibaiaren mesedetan eginiko hainbat saiakera; Gabierrotako bizilagun batek ahateen berreskuratzean eginiko lana adibide. |
![]() |
|
|
Haurtzaro Ikastolak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hautazkoa den Zientzia Tailer arloaren irakastea nire esku utzi ostean, Ingurugiro Sailak Ohiberen bidez sorturiko Ibaialde programak eskainiriko baliabideak bitarteko harturik, Oiartzungo hainbat ikaslek bere ingurunearen berri zehatzagoa eta ingurunearen beraren zaintzarako jarrera aktiboagoa bereganatzeko saiakeran jardun dut. Jarduera honetan jasoriko esperientzien laburpena duzu orain ikusgai duzun CDa. Zeuen herrietan ere halako ekimenetan parte hartzera gonbidatzen zaituztet! Merezi du eta! Oiartzunen, 2001eko azaroan. Josu Arotzena Muxika. |
||
AURKIBIDEA |
SARRERA |
KOKAPENA |
UR BIZIA |
URA HISTORIAN |
KUTSADURA |
LANDARETZA |
FAUNA |
IKERKETA METODOA |
IKERKETAREN ONDORIOAK |
IRTENBIDEAK |
BIBLIOGRAFIA |