|
Ura
historian
|
|
Ibaiak, etsai zein lagun izan ditu gizakiak historian zehar. Sasoi bateko giza taldeen arteko komunikazioa oztopatu eta zaildu izan dute muga orografiko hauek. Ibaia zeharkatzea hil ala biziko abentura zatekeen eta milaka km egin behar izan zituzten orduko gizakiek, ibaian gora pasabide egokiaren bila. Gaur egun, aitzitik, zeinahi ibai zeharkatzea erraza da oso; zubiak edonon aurki baitaitezke. Garai batean ordea, zamak garraiatu eta bidaiatzeko errazagoa zen mendikate bat zeharkatzea. |
|
|
![]() |
Teknologia garatu eta menderatu dugun heinean, ibaiak zeharkatzeko egindako obrak, zubiak batez ere, ingeniaritza-lan garrantzitsuak izan dira, onerako zein txarrerako. Burututako egurrezko, harrizko eta burdinazko zubiak kultur arteko harremana, merkataritzaren garapena eta nekazaritza, abeltzaintza eta baso-ustiapenerako ezinbesteko baliabide izan dira. Baina, aldi berean, inbasio, gerra eta izurriteen sarbide ere izan dira. |
|
| Zubiak leku beretsuan egin eta berregin izan dira mendeetan zehar, nahiz eta uholdeek behin eta berriro hondatu izan dituzten. Gaur egun oraindik bada zutik dirauen zenbait eta historiari so balio handikoak dira gainera; gure herriak bizi izan dituen eta gaur egun ahantzixeak dauzkagun gertakari garrantzitsu askoren lekuko zuzenak baitira. | ||
![]() |
Oztopo geografiko izatetik at, ibaietako urak beste arrisku mota baten sortzaile ere badira: uholdeenak alegia. Neguan eta udaberrian, prezipitazioen ondorioz, ibaiek ur gehiago eraman ohi dute. Baina, zenbaitetan euri-jasa izugarriak, garaiz kanpoko euriak edota itsasoko zenbait egoera berezi tarteko -itsas-maila handiagotu egiten duten marea biziak adibide- ohiko ibilbidean garraiatu ezinezkoa litzatekeen ur kopuru handia pilatu ohi da ibaietan eta hala gainezka egin eta ertzetako lur eremuak estali egin ohi dira. Fenomeno honi uholdea deritzogu. |
| Egiptiarrak fenomeno honen ezagutzaileak izaki, bazekiten uholdeek ibai ertzeko landaretzari mesede handia egin ohi ziotela; urarekin batera landareentzako ongarri bihurtzen den hamaika materia partikula pilatzen baita ertzetan. | |
| Baina, hirigune asko eta asko ibai ertzetan kokaturik daudenez, uholdeek heriotza, kaltea eta hondamendia ekarri izan dute maiz, naturari zor zaion begirunea ahaztu ezinezkoa dela agerian utziz. | |
| Euskal Herrian euria maiz egiten badu ere, klima aldaketa eta bestelakoak tarteko, garai batean baino maiztasun gutxiagoz egiten du elurra gaur egun. Ur biltegi naturala izan den mendi tontor elurtua gainbehera doa hortaz eta aipaturiko elur eskasiak eta zenbait urtetan aste eta hilabete luzez euririk ez egin izanak urtegiak ia hustuan utzi izan ditu behin baino gehiagotan, larrialdi egoera piztuz. | |
| Gogoan izan behar dugu, beraz, uholdeez gain aurrerantzean lehorteak ere izango ditugula eta horiei aurre egiteko hain preziatua dugun ura zentzuz eta neurriz erabiltzea ezinbestekoa izango dugula. | |
Gizakiak bere sorreratik ibaiaren ingurunea
izan du gehien maitaturiko bizitoki. Historiaurreko aztarnategi asko uraren
ondoan daude: Aitzbitarte, Ekain, Altxerri... Kokapen honen arrazoia gizakiak
bizitzeko beharrezko duen edatekoan datza.
|
|
|
|
Arrantza eginez lortzen ditugun elikagaietatik
at, landaretza eta faunatik eskuratuta ahoratzen ditugun guztiek ere uraren
behar berbera dute.
|
|||
![]() |
Ura ezinbesteko gaia izan da ezbairik gabe gizakiarentzat: behar biologikoak asetzeko ez ezik bestelako eginkizunetarako ere beharrezko izan du. Hala, gizakiak berak kobazuloetatik kanpora atera ostean sorturiko bizileku egonkor berriek egur ekoizpena ikaragarri handitu zuten eta gaur egun ditugun ibilgailuak eta, batez ere, ibilbideak burutu bitartean, ibaia izan zen egur haren garraiobide erosoena. Nafarroan, garai bateko ofizioen oroigarri, ibaian zehar almadiaz egurra nola garraiatzen duten ikus genezake urtean behin. |
| Trenbidearen eta asfaltoaren nagusitasuna gertatu bitartean, ura, ibaia eta itsasoa, izan dira garraioaren oinarri. Energia iturri izan den egur-ikatza, egitura beharretarako harrobietako are eta harritzarrak, lantegietarako lehengaiak eta salerosketarako makina bat produktu garraiatzeko gabarrez beteta ikus ahal izan dira gure ibai eta portuak orain urte gutxi arte. Egun, kontinente arteko eta tamaina handi edo astunen garraiorako itsasoko ura erabiltzearen adibide dugu Pasaiako portuko eguneroko jarduna. | ![]() |
| Ibai eta itsasoko urak gizakiok sortu eta sortzen ditugun zikinkeri eta zabor askoren garraiatzaile eta biltoki izan dira. Gaixotasun askoren iturri izan diren zabor pilatzeak desegiteko era bat, zabor hau guztia ibaietara jaurtikitzea izan da; baina ekintza mota honek, hein berean, kutsadura izenez ezaguna den arazoa handitzen zerikusi zuzena izan du. |
| Grabitatearen indarraren ondorioz, urak goitik behera egindako jardunean lortzen duen abiadura eta indarraz laster jabetu zen gizakia. Oinarri berbera dute funtzionamendurako, hain zuzen ere, uraz baliatzen diren errota, zerrategi nahiz burdinolek. Ur-jauzi batetik erori ohi den urak turbina izeneko gurpila birarazi ohi du eta hala energia hidraulikoa eraldatu eta mekaniko bilakatu ohi da.. Ardatz, txirrika eta larruaz osaturiko uhal transmisio eta engranaje bidez lortzen da nahi den efektua: alea txikitzea, zuhaitza zerratzea edota burdin minerala kolpatzea; lan erosoagoa eta ekoizpen azkar eta areagoa. | ![]() |
| Aurrerago, teknologia garapenek, turbinari generadore bat gehituz, hidraulikoa dena ezinbestekoa dugun energia elektriko bihurtu ohi dute horretarako eraikitako zentralek. Ura da helburu honetarako energia garbi eta berriztagarrietan nagusiena. |
![]() |
Industrializazio garaiak erabilera berriak eman zizkion urari. Paperaren ekoizpenean esaterako, orea eratzeko eta tindaketa lanerako beharrezko den uraren erabilera dela eta, papertegiz bete zitzaizkigun gure ibai ertzak. Labeetatik gori-gori ateratzen diren burdinazko habeak hozteko erabiltzen diren ur kopuru handien beharrean eraiki izan ditu gizakiak hainbat lantegi ibaietatik ahalik eta gertuen. Hauetaz gain, hainbat industriak garbiketa edo prozesu kimikoetarako eta hondakinak kanporatu eta urrutiratzeko izan duen beharra oinarri, lantegi eta industriaren gehiengoa ibai ertzean kokatu izan da. |
|
Egungo bizi-maila erosoak beste erabilera gehitu dio urari; kirol eta aisialdiari loturikoa. Nork ez du inoiz bainuren bat hartu edo igeri egin izan, gure uretan? Nork ez jai eta oporraldietan arrantzan dabilena ikusi? Eta nork ez du inoiz estropadetarako prestaketa lanetan dabilenik topatu? Gainera, gero eta indar gehiagoz hedatzen ari da rafting ala erreka jaitsiera tankerako arrisku-kirol deiturikoen zale kopurua. Beraz, ura behar biologiko diren edan nahiz elikatzeko oinarrizkoa izateaz gain, garbiketa, garraio, energia iturri, industriarako lehengai eta kirol eta aisialdirako funtsezko materia ere badugu. Gizakiarentzat funts-funtsezkoa den iturria izanik ez ote du tratu hobea merezi? |
AURKIBIDEA |
SARRERA |
KOKAPENA |
UR BIZIA |
URA HISTORIAN |
KUTSADURA |
LANDARETZA |
FAUNA |
IKERKETA METODOA |
IKERKETAREN ONDORIOAK |
IRTENBIDEAK |
BIBLIOGRAFIA |