Kutsadura

Kutsadura zer den zehatz-mehatz mugatzea ez da gauza samurra. Aurretik izan ohi dugun kontzeptua oinarri harturik, fisikoki beha genezakeen egoerarekin erlazionatu ohi dugu kutsadura gehienentsuenok; kirats-usain sarkorra aditu edota begien aurrean nabarmen zabor edo ur ilun zikinduak ikusiz gero esan ohi dugu ibaia kutsaturik dagoela. Baina itxuraz garbiak diren ur gardenetan ez al da kutsadurarik? Ur ilun eta usaintsu guztiak kutsatuak al daude? Zer da eta zer ez da kutsadura? Atal hauek aztertzea komeni zaigu inongo ibaiaren urak sailkatzeari ekin aurretik..

Abiapuntu gisa, ibaiak naturako beste ekosistema guztiak bezala, kanpoko eraginik gabe, ekosistema dinamikoak eta orekatuak direla bageneritzo guztiak ados geundeke. Hau da; ibaia eta bere inguruan dauden materia eta bizidunak sortu, garatu eta desagertu egiten dira, batzuk besteen elikagai bihurturik. Ziklo hau orekan mantendu ohi da naturalki, baina, kanpoko eragina jasaten duenean oreka hau hautsi egin liteke bertako bizitza erabat desagerrarazi arte. Beraz, kutsadura ekosistema bati kanpotik, modu artifizialean, ezarritako zerbait dela esan genezake. Baina, kanpotik ezarririko guztiak desoreka sortu arren kutsadura dela esan al genezake? Ibai baten ibilbidea bideratzeak, kanalizatzeak, denboraldi bateko desoreka sortzen du ingurunean, baina, kanalizazioaren arabera, denbora gutxian ibaiak eta bere biztanleek ekosistemaren oreka lor dezakete beste kalterik jasan ezean. Bereizi beharrekoa da beraz, ibaiak bere kabuz jasan eta eraberritu dezakeen kaltea kanpoko eragin moduan eta bere kabuz konpon ezin duen kaltea.

"Diccionario de términos de la Conservación de la Naturaleza" hiztegiaren arabera, kutsadura, gai bat (solidoa, isurkaria edo gasa) edo energia mota bat (beroa, zarata, erradiaktibitatea) ingurugiroak berak eraman dezakeen baino kopuru handiagoan zabaltzea da.

Kalean eta lagunartean, berriz, janariak, urak, aireak... garbitasuna galdu duela adierazteko erabili ohi da kutsadura terminoa.

Hala ere, sarritan, jendeak ez du ekosistemaren degradazio hori hauteman ere egiten; zenbaitetan ezta badenik ere onartzen. Adibide bat: intsektu hilgarriek eragindako kutsadurak, kate trofikoaren bidez zabaldu eta leku jakin bateko hegazti harraparien batez besteko jaiotza kopurua murritz dezake, hegazti taldea desagertzea eragiteraino. Baliteke, dena den, kutsadurak itxuraz behintzat kalterik ez egitea ez paisaian, ez landaredian eta ezta uretan ere, eta hala, nahiz eta ekologoren batek egoera hori larritzat jo, ez dakien batek ez dio antzeman ere egingo kutsadurari. Aldiz, izadiarentzat hain larriak ez diren egoerak -kutsadura estetikoa, adibidez; jai egunetako zaborreria, paisai natural leporaino jendez beteak...- arazo larritzat hartzen ditugu.

Kutsadura kontzeptua argitzeko bidean ondo kontuan hartu behar dugu gizakia bera.

Gizakiaren sorreraz gero dago kutsadura. Izan ere, gizarte primitiboen bizilekuetan aurkitzen dira jada gizakiak utzitako hondakin pilak (oskolak, zernahi gauzen puskak, tresnak...). Nolanahi dela ere, gizabanako edo talde bakoitzarentzat behar beste leku izan zen bitartean, kutsadura ez zen arazo izan; gizakiak kide askotako talde iraunkorrak antolatu ahala bilakatu zen arazo. Antzinateko hiriak leku arriskutsuak ziren osasunarentzat; tokian bertan, nonahi uzten ziren hondakinak, eta horrek izurriteak eta eritasunak zabaltzen laguntzen zuen, baita sarraski handiak eragiten ere Erdi Aroko biztanlerian.

Joan den mendean uraren eta airearen kutsadura eta hondakin solidoen pilaketa biztanleria handiko hirietan baizik ez zen arazo. Egun, ordea, teknologiaren alorrean egindako aurrerapenak, industrializazio prozesu azkarra, etenik gabeko biztanle hazkunde itzela, eta hirietako biztanle pilaketa direla eta, mundu mailako arazo bihurtu da kutsadura; are gehiago, gizateriak bizirik iraun ahal izateko egun duen arazo larrienetako bat da kutsadura.

Kutsaduraren sailkapen klasikoak bost mota nagusi bereizten ditu: eguratsaren kutsadura, lurrarena, kutsadura akustikoa, erradiaktiboa eta URAREN kutsadura.


Eguratsaren kutsadura

Airearen kalitatea hondatzen duten, eta pertsonengan, ekosistematan edo ondasunetan kalte, arrisku edo arazo larriak sortzen dituzten gai edo energia motak daudenean, eguratsa kutsatuta dagoela esan ohi da.

Gizakiak eguratsera botatzen dituen gai kutsatzaileen sorburu nagusia erregai fosilen (petrolioa, ikatza...) errekuntza da. Hortaz, kutsadura gune nagusiak argindarra eta beroa sortzeko errekuntza instalazioak, ibilgailu motordunak eta etxeetako berogailuak dira. Kutsadura gune horietan sortzen da gai kutsatzaileen %80.

Kutsadura gune nagusiak Lurreko eskualde urbanizatu eta industrializatuenetan daude. Eskualde horietan eta horien inguruetan askoz nabarmenagoa da egurats kutsadura.

Eguratsaren kutsadurak era askotako ondorioak ditu: ·

  • Gizakien osasunaren gaineko ondorioak: arnasbideetan eta zirkulazio sisteman nabari dira gehienbat. ·
  • Landareen gaineko ondorioak: landareak gutxiago garatzen dira, errazago eritzen dira, uzta gutxiago ematen dute...
  • Faunaren gaineko ondorioak: kutsadurak ondorio nabarmenak ditu abere hazkuntzaren produkzioan, eta horien bidez baita kontsumitzaileen osasunean ere. ·
  • Materialetan dituen ondorioak: metalak kaltetzen ditu (korrosioa), eraikuntzak azkarrago zikintzen eta zahartzen dira; oihalak ere gehiago zikintzen dira -eta, beraz, gehiagotan garbitu beharraz, garbigarri gehiago botatzen da ibaietara- eta gutxiago irauten dute. ·
Euri azidoa: Erregai fosilak (ikatza eta petrolioa) erretzean sortzen duen sufre dioxidoa eta nitrogeno oxidoak eguratsera erruz bota izanaren ondorioa da. Kutsadura mota horren erantzule nagusiak energia zentralak, industri galdarak, ibilgailu motordunak eta etxeetako berogailuak dira. Eguratsera botatako sufre eta nitrogeno oxidoek oxigenoarekin eta eguzki argiarekin erreakzionatu eta oxidatu egiten dira, azido sulfurikoa eta azido nitrikoa sortuz. Azido horien ur lurrinarekin disolbatzen dira eta hodeiek euri azidoak eragiten dituzte; aintzira, laku, ibai eta basoei, eta bertako bizidun guztiei kalte larriak eraginez.
Ozono geruza urritzea: Azkeneko berrogeita hamar urteetan eguratsera bota den gai elkartu organiko hegazkorren kopuru izugarrien eraginez urritu da ozono geruza. Antartida aldean batez ere. Han, ozono zuloa hamahiru bider handiagoa zen 1991n 1981ean zena baino. Lurreko estratosferako ozono geruzak eguzkiaren izpi ultramoreak xurgatzen ditu, eta, beraz, geruza urritzeak sekulako eragina du gizakien osasunean eta mundu guztiko ekosistemetan. Ozono geruzaren galerak larruko minbizia eta itsumena eragiten ditu: munduan zehar izan diren 50.000 minbizi kasuren eta 100.000 itsumen kasuren erantzulea hain zuzen ere, ozono geruzaren %1 galtzea izan da.
Berotegi efektua: Industri garapenaren eraginez eguratsean karbono dioxidoa eta errekuntzan sortutako beste gas batzuk pilatu izanak sortua. Dioxido karbonoa pilatzean eguratsak ez die Lurraren gainazalak igortzen dituen uhin infragorriei kanpora irteten uzten, eta, beraz, Lurra berotuz doa pixkana-pixkanaka. Berotze horrek oso ondorio larriak izan ditzake; lurburuetako izotzak urtzea eta itsas mailak gora egitea, jendea bizi den eremu handiak eta munduko hiri nagusiak urpean gelditzea, mundu guztian klima aldatzea, aldaketa biogeokimikoak gertatzea...

Lurraren kutsadura

Lurra, ondoan eta eskura baita, izan da betidanik gizakiak sorturiko hondakinen biltegi nagusia.

Hauek dira lurraren kutsadura eragile nagusiak: hiri hondakin solidoak, industrietako hondakinak eta pestizidak, lur sailetan erabiltzen diren ongarri eta simaurrak, lur azpiko biltegi eta hodietako ihesak, eta lehengaiak eta fabrikazio produktuak behar bezala babestu gabeko lur gainean biltzea eta ibiltzea. Hirietan eta industrietan sortutako kutsadura leku jakin batera mugatu ohi da, eta erraz antzematen zaio, baina lur sailetako kutsadura, berriz, oso zabala eta hedatua da, eta nekez antzeman daitezkeen ondorioak ditu ekosistema eta organismo bizidunetan.

Munduko biztanle kopuruaren gehikuntza azkarrak elikagai premia handiagoak sortzen ditu. Horrek lur sailen etekina handitzera behartzen du, teknika intentsiboak, ongarriak eta pestizidak erabiliz. Gauza bera gertatzen da abere hazkuntzan; etengabe handitzen ari da abere kopurua, eta sekulako hondakin piloa sortzen da, eta lurrera botatzen. Lurraren kutsadura, beraz, arazo gero eta larriagoa da, zabaldu ere, oso azkar zabaltzen ari dena, garapen bidean diren herrialdeetan batez ere.
Lurreko hondakin metaketa horrek ez du konponbide errazik, eta ingurugiroan ez ezik gizakiarengan berarengan ere arazo handiak sortzen ditu. Kutsaturiko lurretatik era askotako arazoak sortu ohi dira; gizakiaren osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzerainokoak.

Kutsadura akustikoa

Zarata hots ezatsegin eta gogaikarria, gizaki edo jende multzo batengan, nahi izan gabe, ondorio fisiologiko eta psikologikoa izan dezakeena da.

Ez da soilik oraingo kontua, baina argi dago gizakia gero eta zarata handiagoa sortzen ari dela azkeneko hamarraldietan, batez ere hiriguneetan eta garraiobideetan. Izan ere, zarata mailaren gorakada guztiz loturik dtago biztanle dentsitatea handitzearekin, eguneroko bizimoduaren mekanizazioarekin, eta pertsonen zein salgaien garraiorako ibilgailu motordunen erabilera gero eta zabalagoarekin. Hona gizakiak sorturiko zarata iturri nagusiak: garraioa (automobilak, hegazkinak eta trenak), eraikuntza eta herri lanak, industria eta beste batzuk, hala nola, sirenak, bozinak...

Ingurugiroko zaratarekiko esposizioak kezka handia sortzen du, zaratak, gogaikarria izateaz gainera, eragin handia baitu, gizabanakoen osasunean, portaeran eta giza jardueretan; ondorio psikologiko eta sozialak ere baditu. Gero eta jende gehiago dago zaratak erasanda, hiriguneetan gehienbat. Izan ere, gaur egun, pertsonak gehien gogaitzen dituen eta haien osasunean eragin handiena duen kutsatzaileetako bat da zarata.

 


Kutsadura erradiaktiboa

Gizakiak duen energia iturri nagusienetako bat energia nuklearra da. Energia mota hau, teknologi maila handia eskatzen duena, XX. mendearen erdialdean hasi zen ustiatzen, eta berehala zabaldu zen herrialde garatuetan.
Energia nuklearrak erradiaktibitate handiko hondakinak sortzen ditu, denboran oso luze irauten dutenak. Batzuek milaka urtetan sortzen dute erradiaktibitatea. Erradiaktibitatearen ondorioak guztiz hondagarriak dira. Irautearen irautez organismo batzuetatik besteetara transmititzen da erradiaktibitatea katea trofikoaren bitartez, eta goi mailako organismoetan, eta gizakiarengan azkenik, metatzen da. Gainera, nahikoa da dosi txiki bat erradiaktibitatearen ondorio hilgarriei berehala antzemateko. Plutonio gramo batek milioi bat pertsonarengan minbizia sortzeko ahalmena du. Erradiaktibitate ihesek sekulako ondorioak dituzte inguruan bizi diren pertsonen osasunarengan: bat-bateko abortuak, malformazio genetikoak umeki eta haurrengan, leuzemia, tiroide minbiziak, psikologia-arazoak...
Oraindik ez da hondakin erradiaktiboak desegiteko modu egokirik; arazo larria ezbairik gabe. Oraingoz, biltegi bakartu eta hoztuetan gordetzen dira. 1983. urtean utzi zitzaion hondakinak, behintzat, itsasora botatzeari. Bestalde zentral nuklearrak berak, behin ekoizpen zikloa agortu dutenean, hondakin erradiaktibo eraginkor bilakatzen dira, oso denbora luzerako.

Uraren kutsadura

Ur kutsatua bere osaera edo egoera aldatu, eta egoera naturalean izango zituzkeen erabileretarako baldintzak galdu dituena da.

Oro har, ura erabili ahala kutsatzen dela esan daiteke, eta ura gizakiaren ekintza guztietan dagoen bizi elementua denez gero, uraren kutsadura iturriak asko eta asko dira. Etxean, kale garbiketan, industrian, meatzaritzan eta nekazaritzan erabilitako ura, hala nola errepide eta hirietako zorua zikintzen duten zatiki eta gai kutsatzaileak garraiatzen dituena hondakin ura da.

Hirietako hondakin urak era askotako gaiak daramatza berekin: gai solidoak suspentsioan, gatzak, gai organikoak, garbigarriak, gorotzetako mikroorganismoak... Industri jarduera batzuek uretara isurtzen dituzten gai eta produktu toxikoak oso kaltegarriak dira ur ekosistementzat eta gizakien osasunarentzat. Lur sailetatik igarotako urak (ureztatzea, isurketak eta abar) pestizidak, ongarri mineral eta organikoak, eta maiz askotan, gatz disolbagarriak izaten ditu. Abeltegietatik igarotakoak, aldiz, abereen iraizkinetako gernu eta materia organikoak izaten ditu. Ur horixe da hirialde eta hiri industrializatuetako kutsadura iturri nagusia.

Urari gai elikagarriak (nitratoak eta fosfatoak) gehitzearen ondorio nagusia algak eta uretako gainerako landaredia izugarri haztea da. Landare horiek, uretan nahasturiko oxigenoaren zati handi bat kontsumitzen dutenez oxigenoaren premia handia duten beste animalia mota askoren bizitza mugatzen dute. Landarediaren haztea muturrekoa denean, uretan dagoen oxigenoa desagertu egin ohi da eta ondorioz, organismo asko hiltzen. Hauek usteldu ostean gai pozoitsuak sortu ohi dira. Uraren kalitateak behera egiten du, beraz, eta ura kaltegarri izaten da osasunarentzat, baita edangarri bihurtzeko tratamenduen ondotik ere.

Uraren kutsadura toxikoaren eragile nagusiak industri eta nekazaritza jarduerak dira. Ondorio nabarmenak ditu kutsadura mota horrek, kaltegarriak oro har, organismoentzat eta uraren kalitatearentzat. Kutsadura mota hori ezereztatzea zaila eta garestia da oso. Era askotako produktu toxikoak daude, baina pestizidak eta metal astunak hartu ohi dira ingurugiroaren etsai nagusitzat, kutsatzeko duten ahalmena beste gai batzuena baino askoz handiagoa baita.

Kutsadura termikoa industrietako isurketek eta, batez ere, argindarra ekoizteko zentralek eragina da. Uraren tenperatura igotzeak sekulako eragina du uretan bizi diren komunitateen osaeran, eta baita, azkenean, uraren beraren kalitatean ere.

Gaur egun, lurrazaleko ura kutsaturik dago planetako leku askotan, uretara hondakinak erruz eta berezi gabe botatzen direlako, leku askotan eguratsa kutsaturik dagoelako, eta lurrak produktu fitosanitarioak eta ongarriak dituelako. Edateko ur ona, beraz, gero eta urriagoa da, batez ere planetako lekurik jendeztatuenetan. Hori dela eta, sekulako dirutzak gastatzen dira ura erregulatu, hartu eta banatzeko proiektuetan, hala nola uraren osasungarritasuna ziurtatzeko eta ekosistemetan kalterik ez egiteko tratamenduan.
Uraren kutsadurak ibaiei, aintzirei, lur azpiko urei eta itsasoei erasaten die. Ibai eta uharrak hondakinen garraiobidetzat har daitezke; horrexegatik aintzirek eta lur azpiko urak baino askoz gaitasun handiagoa dute bakarrik eraberritzeko. Izan ere, aintzirak eta ur geldizko hedadurak askoz ekosistema hauskorragoak dira, ez baitute ura berritzeko ahalmenik ia.
Euskal Herriko ibaien kutsadura nabarmena da; ibai zati batzuk guztiz daude degradatuta, eta zenbait ibai eta errekaren goi ibarretan izan ezik ez da ur gardenik. Ingurugiro egoera horrenbeste hondatu izanaren arrazoi nagusia kutsadura organikoa da, alegia, industri eta hirietako isurketak eta nekazal foku barreiatuak deritzenak. Material organiko degradagarrien eta nitrito, ortofosfato eta hidrokarburoen kontzentrazio handiak eragin du kutsadura mota hori. Bestalde, ibai zati asko metal astunen (burdina, zinka, kobrea, manganesoa, nikela eta kromoa) eta zianuroen neurrigabeko kontzentrazioak jota daude.

AURKIBIDEA
SARRERA
KOKAPENA
UR BIZIA
URA HISTORIAN
KUTSADURA
LANDARETZA
FAUNA
IKERKETA METODOA
IKERKETAREN ONDORIOAK
IRTENBIDEAK
BIBLIOGRAFIA