Irtenbideak

Ibaiak oso ekosistema dinamikoak dira, eraso gogorrei aurre egiteko gai dira. Kutsadura iturriak desagertu bezain pronto errekuperazio gaitasun aparta dute; uraren garraioak poluitzaile guztiak denbora laburrean urrutiratzen ditu eta era berean, ibai-ertzeko basoa eta ubidearen morfologia oso azkar errekuperatzen da.

Hala, gizakia desagertuz gero osasun ezin hobeko ibaiak genituzke urte gutxiren buruan. Baina, gizakiarentzat oso garrantzitsuak diren hainbat funtzio betetzen dituen bitartean ez gara urrutira joango. Beraz, giza ekintzak ahalik eta era egokienean uztartu ahal izateko premiazkoa da funtzio hauetaz ohartzea. Informazioa (eskolaratze zein heldu garaian) oinarrizkoa da. Heziketak eta sentsibilizazio kanpainek jarrera eta pentsaera aldaketa sorrarazi behar dute gugan, bizi iturri nagusiena dugun elementua horrela zigortzea ulergaitza baita.

Ibai-ertzeko zaborrak biltzeko jarrera aktiboak; ikastolan eginiko ikerketa eta ekimenak; fauna eta landaretza katalogo eta publikazioak; etxean, kalean, lantokian zuzendu daitezkeen ohiturak... hain beharrezkoa dugun ingurumen heziketaren elikagai izan behar dute. Honetaz guztiaz gain, babestutako eremuak zabal eta hauek taxuz kudeatuak izan daitezen beharrezko neurriak hartu behar dituzte erakundeek. Denen jarrera aldaketa behar baitu ibaiak!

Oiartzun ibaiak premiazkoa du agente kutsatzaileak desagerraraztea, nagusiena Arditurriko meategien ustiaketen ondorioz sortutakoa da. Horretarako Oiartzungo udalak ate asko jo ondoren 250 miloi pezeta bildu ditu eta 2002ko udara aldera hasi nahi du lan honetan. Hasierako asmoan, berdegune zabala bihurtu gabe, kutsadura ekidin nahi dela eta Arditurriko minen historia ezagutzeko eta bertako ondare kulturalaren berri jakiteko gaur egungo itxura mantenduko duela dio udalak bere aldizkarian. Ez da nahikoa! Aiako Harriko Parkearen barruan dagoen gune honen errekuperaziorako, ibai-ertzean eta uholde lautadan, bertako landaretza eta fauna berreskuratzeko neurriak bultzatu behar dira, ertza ibai baten osasun egoeraren %50a baita.

Ur zikinaren kantitatea eta kalitateak gure ohiturekin lotura estua du. Olioak, pinturak, disolbagarriak... horrelako produktu toxikoak edukiontzi berezietan biltzea, ura parrastaka ez xahutzea, arraska eta komuna zabortegi moduan ez erabiltzea denon eskura dauden neurriak dira. Industrietako eta etxeetako ur zikinen kudeaketa egokirako araztegiak eraikitzea, isurketa toxikoak ekiditeko kontrol zorrotzagoak eta ingurumen auditoriak lortzea premiazko helburua da. Azken finean, ibaitik harturiko urak ahalik eta kantitate gehienean ibaira itzultzea dugu xede nagusi, beti ere egoera naturalean zuen kalitate bera mantenduz.

Ura garbitzea ez da nahikoa ordea. Kanalizazio eta presak egiteko obrak geldituz gero, eginikoak egokituz gero, uholde lautadak eraikuntzaz eta nekazal ustiaketez libratuz gero, ibaibideak zabalduz gero... ibaiak berezko itxura eta ibilbidea berreskura dezake bere kabuz, bere kalitate ekologikoa birlortuz. Ugaldetxotik behera egin beharrekoa ez da ez lan makala!

Ildo honetan Errenteriako Fanderia auzoak jasandako eraldaketak, ordura arte gizakiaren eragin urria zuenak, ibaiaren kalitateari ez dio inongo mesederik egin. Errenteria eta Oiartzun artean egin eta egiten ari den bide gorriak arnasa eman dio demografikoki hain beterik eta urbanistikoki hain zigorturik bizi den bailara honetako gizarteari. Baina modu berean, aisialdirako eremuen eskasia dela medio, ibai-ertzean dagoen bide gorrian gizakiaren presentziak gainezka egitea ekarri du. Arditurriko trenbide zahar honen berreskuratzearen ondorioz, Oiartzun ibaiko ekosistema ahulean kalte gehiago eragiteko arriskua areagotu da. Ura eta lurra kutsatzeko, kutsadura akustikoa gehiagotzeko eta bertako bizidunei eraso zuzenak burutzeko bideak erraztu egin dira. Hortaz, interes guztiak babesteko eta bizidun guztien orekarako neurriak hartzeko garaia iritsi da. Ibaiaren berezko morfologia berreskuratzeaz gain, haltzak, sahatsak,... ibai-ertzeko berezko landaredia birlandatu eta interes ekologiko handiko guneak isolatu behar dira; ugalketa, atseden eta elikadura guneak babestea ezinbestekoa da bertako bizidunen iraupenerako. Ergoienen eta Arditurrin gutxien kaltetuak izan diren guneak badirela jakinik, hauek isolatzeko eta babesteko aukera paregabea dugu oraindik, eta bide batez, gaixotutako gune orori sendabidea ematekoa.

Mundua bezain zaharra den grabitatearen legearen ondorioz, ibaiek gure orografiaren punturik baxuenak betetzen dituzte. Lege beraren arabera, euri urek eta haizeek lagunduta, etxean, kalean, ikastolan, lantokian... lurrera nahiz komun zulora botatako guztia ibaietara doa poliki-poliki. Gutako bakoitzak badu beraz zereginik: jarrera eta ohitura zabarrak aldatu behar ditugu; gure kaka-mokordoak ibaira baitoaz, garbiketarako neurririk ezartzen ez den bitartean. Bizi iturri dugun urak ez dute halako mesprezurik merezi!


AURKIBIDEA
SARRERA
KOKAPENA
UR BIZIA
URA HISTORIAN
KUTSADURA
LANDARETZA
FAUNA
IKERKETA METODOA
IKERKETAREN ONDORIOAK
IRTENBIDEAK
BIBLIOGRAFIA