Ikerketa metodoa

Ibai baten kutsadura maila edo uraren kalitatea aztertzeari ekin behar diogula adierazitakoan, uraren lagin edo mostrak hartu eta laborategian prozesu konplikatuen bidezko aztertze lana egitera goazela pentsa lezake nornahik. Baina, laborategietan lanerako izan ohi diren bitarteko berezi horiek, ez dira nolanahi eskuratzeko modukoak; ez dira, hortaz, edozeinentzako eskuragarri. Nolanahi dela ere, badira ibai eta urak ikertzeko bestelako bideak ere.

Lehenik eta behin, aztertu beharreko ibaiaren mapa edo planoa eskuratzea beharrezkoa da. Mapa aurrean izanik, gutxienez, ibaiaren ibilgu bakoitzeko puntu bana bisitatu behar da. Izan ere, ibaia hain dinamikoa eta aldakorra izanik, egun eta puntu konkretu batean jasotako ur lagina beste momentu batean toki berean jasotakoarekin alderatu ostean, emaitzak kontrajarriak izatea gerta daiteke. Hala, kutsaturiko ura izan ohi den puntu batean, aurretik eginiko euriteren bat tarteko jasotako emaitza baikorra izatea gerta liteke. Baina emaitza hau ere, ez da behar bezain objektiboa; emaitza positibo hori ibaiaren ur emaria handitu izanaren ondorio baita.

Ur garbia izan ohi den beste gune batean, berriz, isurketa jakin baten ondorioz datu kezkagarriak jasotzea gerta litekeena da. Beraz, egun ezberdin zenbait aukeratu eta ahalik eta puntu gehienetan azterketa errepikatzea lagungarri izango dugu, ahalik eta informazio objektiboena lor ahal izateko.

Ondoren, kutsadura atalean aztertu ditugun eragile eta ondorioen arabera, bitarteko errazen bidez, jarraian adierazitako atalen behaketa eta azterketa egin genezake aukeratutako puntu bakoitzean:

1.- Ingurunearen deskribapena: Ibaiaren ingurunea egoera naturalean ala artifizialean (gizakiak moldatuta) aurkitzen den behatzea litzateke. Gizakiaren eragina jasan badu, degradaziorako arrisku handia du. Atal honetan, beraz, ibaiak puntu horretan dituen hainbat ezaugarri (ibaiaren zein ibilguan gauden, haranaren itxura, batezbesteko zabalera, sakonera, ibai-hondoaren izaera, korrontearen abiadura...) jasotzeaz gain, gizakiaren eraginez kutsatzeko arriskuan ote den baloratuko dugu. Ibaiaren inguruan nekazal ustiaketarik, abeltzaintzarik, erabilera industrial edo hiritarrik garatzen ote den behatuko dugu; presarik edo urtegirik ba ote den, ibaia bideraturik dagoen, eraikuntzarik, zabortegirik, errepiderik... ikusten ote den.

2.- Landaredia eta fauna: Kutsadura zer den aztertu dugunean erraz izan dugu jabetzerik animali eta landareengan duen eragin tamalgarria, baita landarediak kutsadura ekiditeko duen garrantzia ere: itzala kutsadura termikoa ekiditeko, haltzak finkatzen duen nitrogeno kopurua... Ez da zaila, beraz, animali eta landare aberastasun/urritasuna ibaiaren kalitate on/txarrarekin erlazionatzea.

Atal honetan, aztergai dugun ibaian zein arrain, anfibio, narrasti, hegazti eta ugaztun bizi diren ikertu behar dugu. Horretarako aztergai duguna patxadaz behatu besterik ez dugu edo bestelako aukera litzateke ibaiarekin zerikusia duten pertsonei galdeketa egitea, animalia eta landaredi atalean aipaturikoak gogoan izanik. Karramarrorik ba ote den azter genezake, eta hala bertakoa ala kanpotik ekarri eta bertakoak gaixotzen dituen karramarro gorria ote den bereizi genezake.

Ibai ertzetan dugun landaredia eta landaredi kopurua jasoko dugu bide batez: basoa osatuz duten ala modu bakanean ote diren.

Uretan eta ibai-ertzetako harrien azpian ornogabeen laginak har genitzake eta ondorengo taularen laguntzaz uraren kalitatea adierazi.

3.- Uren lagina eta analisia: Honetarako lortzen errazak diren hainbat material behar ditugu. Iturriko uraz beteriko potoa, ibaiko ur-lagina hartzeko beste bat, termometroa eta akuarioen mantenu eta analisirako erabiltzen den tresneria. Oxigenazio maila neurtzen duen kita eta "analisi ezberdinetarako zerrendak"; pH-a, nitratoak/nitritoak eta gogortasuna neurtzen dituztenak.

Iturriko ura eta ibaikoa alderatuz, kolore ezberdintasunei erreparatuko diegu eta bide batez apar, olio edo koipe arrastorik ba ote den ere aztertu ahal izango dugu.

Uretako landare aniztasunaren behatzeari ekingo diogu ondoren.

Termometroaren bidez ibaiko uraren tenperatura jasoko dugu, oxigenazio maila ezezik kutsadura termikorik ba ote den aztertzeko.

Disolbatutako oxigenoaren testa erabiliz bizidunek behar-beharrezko duten elementu honen egoera aztertuko dugu. Oxigeno kopurua zenbait faktoreren menpe dago, baina gehienera jota ere, uretan disolbatuta egon daitekeen oxigeno kopurua hauxe da:

5ºC-tara = 12,8 mg/l
10ºC-tara = 11,3 mg/l
15ºC-tara = 10,6 mg/l
20ºC-tara = 9,1 mg/l
25ºC-tara = 8,3 mg/l
30ºC-tara = 7,6 mg/l

Analisi anitzeko zerrendak erabiliz ondorengoak neurtuko ditugu:

  • pH-a: uraren azido kontzentrazioa azaltzen digu. Ur naturalean bere balioa 5,5 eta 8,5 bitartekoa da. 4 baino balore baxuagoak oso azidoak dira.
  • Nitritoa: toxikoa da. O,5 mg/l-ko kantitatea zenbait arrain guztiz kaltetzeko nahikoa da.
  • Nitratoa: landarearen hazkuntzarako beharrezkoa.
    • 0 mg/l -> landareen hazkuntzarako ez dago nitratorik.
    • 10 mg/l -> landareen hazkuntza txikia da.
    • 50 mg/l -> iturriko uretan onartzen den nitrato gehienezko kantitatea.
    • 500 mg/l -> hazkuntza-booma eman da. Landareek ubidea estalti dute, korrontea geldotuz. Landareak hiltzen doazen heinean korronteak ez ditu eramaten eta deskonposatuz doan materia (bakterien elikagaia dena) bertan metatuz doa. Elikagaia ugaria denez bakteriak asko ugarituko dira, eta materia hori guztia deskonposatzeko oxigeno asko erabiliko dute. Honek dakarren oxigeno eskasia dela eta, arrainek eta ornogabeek kalte handiak jasan ditzakete.
  • Uraren gogortasuna (GH): Kaltzio eta magnesio gatzen kontzentrazioaren araberakoa da. Balio egokiak 6º eta 16º Dh artekoak dira.
  • Bikarbonatoak: pH-aren indargetzaile gisa jokatzen dute. Balio egokiak 3º eta 10º Dh artekoak dira.

4.-Zaborrak: Ibaian bertan ala ertzean topaturiko hondakinak adieraziko ditugu. Tamaina handiko objektu metaliko, haltzari, zabor poltsa, pneumatiko... eta hain handiak ez diren kristal-ontzi, plastiko, lata, tetrabrik, kortxo-zuri, poltsa, oinetako, jantzi, egur, paper, elikagai hondakin, olio, koipe... edo pilarik baden aurkitzen saiatuko gara.

Bide batez, jasotzeko arriskurik ez balego behintzat, hondakin hauek zakarrontzira biltzen saiatuko ginateke.

Ikus daitekeenez, ibaiaren uraren kalitatea edo kutsadura maila neurtzea ez da laborategian egiten diren hainbat prozesu bezain konplexua. Hala ere, badira zenbait agente kutsatzaile, neurtu ez ditugunak; metal astunak eta zianuroa bezalako produktu toxiko hilgarriak esaterako. Beraien ikerketek duten konplexutasun eta arriskuarengatik teknikoei utziko diegu lan hau.

AURKIBIDEA
SARRERA
KOKAPENA
UR BIZIA
URA HISTORIAN
KUTSADURA
LANDARETZA
FAUNA
IKERKETA METODOA
IKERKETAREN ONDORIOAK
IRTENBIDEAK
BIBLIOGRAFIA