Ibaietako Fauna

Ibaietan arraiak bizi direla edonork daki. Baina ba al zenekien Euskal Herriko ibaietan 26 arrain-espezie bizi direla? Eta arrainak baino gehiago diren beste biztanle asko badirela ibaietan?

Milioika har txiki, maskor handi, krustazeo eta intsektu bizi dira mundu ezezagun eta harrigarri horretan, hondoko harrien azpian ezkutaturik. Uretara eroritako hosto eta adarren hondakinez elikatzen dira, eta baita bere espezieko kideez ere, horietako batzuk harrapari errukigabeak baitira. Bestalde, horiek arrainek jaten dituzte, haiek gabe ezingo bailirateke bizi.

Korrokoiak

Horiez gainera, badira beste asko ere: anfibioak (uhandreak, igelak), narrastiak (suge gorbataduna, dortokak), hegaztiak (martin arrantzaleak, lertxunak edo zikoinak) eta ugaztunak (igarabak, muturluze piriniarrak). Beraz, animalien bizitzaren ager lekua da ibaia, eta bertan guk inoiz pentsatuko genukeen baino bizitza eta biztanle gehiago daude.

Ornodunetan, hegaztiak dira alderdi hauetan bizitzeko arrakastarik handiena lortu dutenak. Alde batetik, hegan egitea bertan mugitzeko lokomozio-sistema egokia da, eta bestetik, urak eta landaredi trinkoak harrapariekiko babesa eskaintzen die, elikagai aberatseko ingurunean.

Animali hauek, hegazti eta intsektuek batez ere, landareei laguntza funtsezkoa eskaintzen diete polinizaziorako. Eta guztiak, landare eta animaliak, elikadura katearen parte dira. Hain garrantzitsua da bizidunen oreka, espezie baten desagertzeak beste guztien galera suposa dezakeela.

Perka

Animali guztiak, hala ere, ez dira onuragarriak. Bertakoak ez diren espezie arrotzek bertako hainbat espezie arriskuan jartzen dute. Arrantzaleen trofeo-gosea asetzearren ekarritako amuarrain ortzadarra, perka amerikarra, luzioa eta beste hainbat espezie, pisziboro handiak dira, eta espezie autoktonoen beherakada eragin dute leku askotan.
Beste kasu batzuetan, ez dira arrantza-helburuz sartu. Horregatik, gaur egun hainbat arrain eta narrasti-espezie arrotz aurki daiteke gure ibaietan, akuario zaleek askatu dituztelako. Hirugarren taldean, gizakian nahigabe honaino iritsi diren espezieak ditugu, hala nola bisoi amerikarra edota koipua; larru -granjetatik ihes eginda iritsi zaizkigunak. Antza denez, lehenak inpaktu handia du endemiko iberiarra den ur-satorrean, eta bigarrenak ere hainbat kalte sortu du ibai-ertzeko landaredian.
Karramarro Arrunta Karramarro gorria

Karramarro arruntaren kasua izan da sonatua. Garai batean gure lurraldeko ibai eta erreka gehienetan karramarro hau ugaria zen eta jateko harrapatzen bazen ere, badirudi arrantza honek populazioetan ez zuela eragin handiegirik. Urte gutxiren buruan, ordea, ia desagertu egin zen bazter guztietatik. Ameriketatik ekarri eta gure ibaietara botatako espezie batek, karramarro gorriak, onddo bat zabaldu zuen. Onddo hauek ugaldu eta bertako karramarroengan eragina duen afanomikosi izeneko gaitza hedatu zuten. Gaitz honek, karramarroei maskorra ahuldu eta hankak paralizatu egiten dizkie eta 10-15 egunen buruan hil egiten dira. Gaixotutako animalien artean hilkortasuna %100a izaten da. Kanpoko karramarro gorriak ez dira hiltzen gaitza eduki arren, baina kutsatu egiten dituzte bertakoak.

1978. urtean Euskal Herrian nabarmentzen hasi zen gaixotasun honen eragina negargarria izan da. Mendietako zenbait errekatan eta isolatutako populazioetan soilik geratu dira garai batean hain ugariak ziren karramarro arruntak.

Azkenekoa orain hilabete gutxi jakin izan dugu, eta oraingoan gizakiaren eragina nabaria izan da. San Markos-eko isurketa batek, Pasaiako badian itsasoratzen den Moliņoko errekan, 2000 aingiratik gora hil zituen.

ARRAINAK

Aingira:Gorputz luzea, zilindrikoa eta iluna duen arrain-mota. Europako ibaietan bizi da eta ugaltzera Sargazoen itsasora joaten da. Bere haragia, umeena (txitxardinena) bereziki, oso preziatua da.
Amuarraina: Salmo generoko arrainen izen arrunta. 80 cm-rainoko gorputz luze eta obala eta aho zabala dituzte. Kolore askotakoak daude, baina eskuarki bizkar berdea eta sabelalde eta saihets zurixkak dituzte eta gorputz guztia orban beltz eta gorriz josia dute. Sukaldaritzan oso preziatuak dira.
Amuarrain ortzadarra: Jatorriz amerikarra den amuarraina, ibai-amuarrainaren antzekoa baina orban gorririk gabea. Arrain-hazkuntzan erabiltzen da eta zenbait ibaitan naturalizatu egin da.
Barboa:Ibaietan bizi den arraina. Gorputza luzexka da eta kolorea arrea edo oliba-kolorekoa. Ahoa hortzik gabea da eta lau bizar uzkurkor ditu. Omniboroa da eta talde txikietan bizi da.
Ezkailua:Gorputz luzexko eta buru sendoa duen tamaina txikiko arraina. Bizkarra arre berdexka da, azpialdea horixka, eta saihets aldean urre-koloreko islak ditu. Arrunta da Europa guztiko ibaietan.
Korrokoi:Bereziki Chelon labrosus espezieko arrainen izen arrunta. Zilar-kolorekoak dira, 90 cm-rainokoak gehienez eta batzuk jangarriak dira eta merkataritza-balioa dute. Oro har ur gazitakoak dira eta itsaso tropikal eta epel guztietan bizi dira.
Loina:Chondrostoma generoko arrainen izen arrunta. Ur gezakoak dira eta beren ezaugarri nagusia ahoan ezpain korneo eta gogorrak edukitzea da.

arrainak anfibioak narrastiak hegaztiak ugaztunak

AURKIBIDEA------SARRERA------KOKAPENA------UR BIZIA------URA HISTORIAN-------KUTSADURA
LANDARETZA------FAUNA------IKERKETA METODOA------IKERKETAREN ONDORIOAK------IRTENBIDEAK-------BIBLIOGRAFIA

ANFIBIOAK

Apo arrunta: 14 cm-ko tamainaz Europako aporik handiena da. Azal marroi eta garatxoz bete eta begi-nini horizontalak ditu. Bere guruin parotideak oso nabariak eta dibergenteak dira. Emeak arrak baino handiagoak izan ohi dira. Lehortarra eta gautarra da eta normalean oinez ibiltzen da. Mota guztietako biotopoetan bizi da eta ura dagoen edozein lekutan ugal daiteke. Arrunta da Euskal Herrian.

Entzun

Baso-igel gorria: Tamaina 10 cm. Azal leun, marroi gorrixka eta orban ilunez jantzia du eta begien atzean orban ilun nabaria du. Tinpanoa orban horretan dago eta begia baino txikiagoa da. Lehortarra eta gautarra da eta, normalean, ugal sasoian soilik joaten da uretara. Jangarria denez, zenbait lekutan gizakiaren presio handia jasan behar du

Entzun

Ur-igel arrunta: 10 cm-ko igela da, azal leun eta berdea duena, normalean, batzuetan nahiko iluna edo marroia izan daiteke. Sarritan, lerro hori bat izaten du bizkarraren erdian. Oso urtarra da eta egunez zein gauez aktiboa izaten da. Erreka, laku eta putzuetan bizi da.

Entzun

Uhandre-palmatua: Gorputza baino luzeago du isatsa. Isatsa barne, 8-9 cm-ko tamaina du. Lau hatz dituzten eskuak eta bost hatz dituzten oinak ditu. Azala marroia edo oliba-kolorekoa eta, sarritan, orbanez apainduta du. Araldiak arrak gandorra izaten du bizkarralde eta isatsean, filamentu beltz bat izaten du isatsaren bukaeran eta oinak palmatuak izaten ditu. Uretan bizi da eta arrunta da Euskal Herrian.

arrainak anfibioak narrastiak hegaztiak ugaztunak

AURKIBIDEA------SARRERA------KOKAPENA------UR BIZIA------URA HISTORIAN-------KUTSADURA
LANDARETZA------FAUNA------IKERKETA METODOA------IKERKETAREN ONDORIOAK------IRTENBIDEAK-------BIBLIOGRAFIA

HEGAZTIAK

Txantxangorria: Bizkarralde marroia eta laranja-koloreko bularra dituen txori txikia da, 14 cm. Gorputz lodikotea du eta hanka luzeak, begi handi eta beltzak eta moko fina ditu. Ornogabeak jaten ditu nagusiki eta neguan haziek osatzen dute bere jatekoa. Baso eta landazabalak ditu gogoko, baina leku gizatartuetan ere bizi da. Euskal Herrian, eskualde atlantikoan arrunta da eta urriagoa mediterraniarrean.

Entzun

Txepetxa: Oso hegazti txikia da, 9 cm luzeran eta 11 g pisuan. Gorputz lodikotea, moko fina eta lumaje arrea ditu. Isatsa beti altxatuta eraman ohi du eta intsektuak eta ornogabe txikiak jaten ditu. Ar bakoitzak hainbat habi egiten du eta bakoitzera eme bat erakartzen saiatzen da. Hori dela eta, batzuetan poligamoak izaten dira. Edozein lekutan bizitzeko gai da, baita gizatartuetan ere, eta Euskal Herrian oso arrunta da.

Entzun

Sasi-txori arrunta: Bizkarralde arre berdexka eta sabelalde horixka argia dituen txori txikia da, 13 cm-koa. Intsektuak eta ornogabe txikiak jaten ditu eta zuhaixka eta sasi arten ibiltzen da beti. Migratzailea da. Zuhaixka handiak edo zuhaitz txikiak dauden landazabalak ditu gogoko batik bat.

Entzun

Martin arrantzalea: 16 cm-ko gorputz sendoa, hego eta isats laburrak, buru handia eta moko luze eta sendoa ditu. Lumajea buru eta bizkarraldean berde urdinxka distiratsua da eta sabelaldean arre gorrixka. Uretatik gertu egiten du hegan eta arrain txiki edo intsektu urtarrak jaten ditu. Habia ibaiertzeko ezpondetan egiten du. Ibaien egoera txarra dela eta, nahikoa urria da Euskal Herrian.

Entzun

Buztanikara horia: 18 cm-ko gorputz liraina, isats luzea, nahikoa moko luzea eta hanka luzeak ditu. Bizkarraldea gris urdinxka du eta sabelaldea horia. Maiz ibiltzen da lurretik oinez edo korrika eta tarteka hegaldi txikiak egiten ditu intsektuak harrapatzeko. Habia uretatik gertu egiten du, haitzetan edo eraikuntzetako zuloetan.

Entzun

Buztanikara zuria: Gainerako buztanikarak bezala, gorputz liraina eta isats et hanka luzeak ditu, baina lumaje txuri beltza du. Oinez ibiltzean buztana mugitzeko ohitura du, ornogabe txikiak jaten ditu et habia sarritan teilatu eta paretetako zuloetan egiten du. 18 cm-ko txoria hau oso arrunta da Euskal Herriko isurialde atlantikoan.

Entzun

Basahatea: Arrak, ugal sasoian, buru berdea, bular arrea eta iduneko zuria ditu. Gainerakoa gris edo marroixka du. Mokoa berdexka eta hankak laranja kolorekoak ditu. Oin palmatuak dituzte. Emea arrea da. Taldetan bizi da eta gauean uretatik kanpora irteten da jateko. Landareak, haziak, zizareak, zapaburuak... jaten ditu eta uretatik kanpo egiten du habia. 58 cm eta 1,5 Kg inguru izaten ditu.

Entzun

Zozo arrunta: 24 cm-ko luzeraz, arra beltza da eta mokoa eta begien ingurua horiak ditu. Emea, aldiz, marroia da. Zizareak, bestelako ornogabeak eta fruituak jaten ditu eta zuhaitzak, sastraka, soroak eta larreak tartekatuta dauden lekuak atsegin ditu gehien. Habia zuhaixka, sasi edo belarretan ezkutatuta egiten du.

Entzun

Ur-zozoa: 18 cm-ko gorputz sendoa, hego eta isats laburrak, buru eta garondo marroiak eta bular-alde zuria ditu. Gainerakoa gris iluna du. Ur-lasterretan bizi da normalean eta uretan murgildu eta igeri egiteko gai da. Intsektuak eta ornogabe urtarrak jaten ditu. Habia urertzeko haitzetan edo zuhaitzetan egiten du. Euskal Herrian, erreka garbiak dauden lekuetan bizi da.

Entzun

Uroiloa: 32 cm-ko luzeraz, gorputz sendo eta iluna, hanka luze eta berdeak eta punta horidun moko gorria ditu. Landaredi ugariko ibai, laku eta paduretan bizi da eta leku horietako landareak jaten ditu, batez ere. Habia urertzeko landaredian ezkutatu egiten du. Euskal Herrian banaketa zabala du, baina inon ez da ugari ageri.

Entzun

Kaio hankahoria: Gorputz-luzera 56-66 cm, hego-luzera 150 cm, pisua 1000 g., bizkarraldea eta hegoen goialdea gris urdinxkak ditu, hegoen muturrak beltzak eta gainerakoa zuria. Mokoa sendoa eta horia du, hankak era horiak eta oin palmatuak ditu. Mokoaren muturrean orban gorri nabaria du. Itsaslabarretan egiten du habia eta orojalea da. Euskal Herriko kostalde guztian ibiltzen da, baina leku gutxi batzuetan soilik egiten du habia.

Entzun


arrainak anfibioak narrastiak hegaztiak ugaztunak

AURKIBIDEA------SARRERA------KOKAPENA------UR BIZIA------URA HISTORIAN-------KUTSADURA
LANDARETZA------FAUNA------IKERKETA METODOA------IKERKETAREN ONDORIOAK------IRTENBIDEAK-------BIBLIOGRAFIA

NARRASTIAK

Suge biperakara: 70-100 cm-ko luzera du, marroi berdexka da eta bizkarraldean sigi-saga egiten duten bi lerro ilun ditu. Begi-nini biribilak ditu. Urtarra da eta oso ongi egiten du igeri. Anfibioak jaten ditu eta ez da pozoitsua, baina harrapatuz gero oso usain txarreko likidoa jariatzen du. Emeak arrak baino handiagoak izaten dira. Euskal Herrian arrunta da.

Suge gorbataduna: Luzeran 100-150 cm., orban txikiz jantzitako bizkarralde berde iluna eta sabelalde horixka ditu. Gazteek iduneko hori beltza dute lepoan. Begi-nini biribila du eta lehortarra da, baina uretan ibiltzeko ohitura ere badu. Egun-argiz da aktiboa eta anfibioak jaten ditu batez ere. Ez da pozoitsua, baina harrapatuz gero oso usain txarreko likidoa jariatzen du. Arrunta da Euskal Herrian.

Horma-sugandila: Sugandila iberiarraren antza handia du, baina sendoagoa da. Muturretik kloakarainoko luzera 7 cm-koa izan ohi da. Bizkarralde arre grisaxka, albo ilunak eta sabelalde argia ditu eta oso isats luzea du. Intsektuak jaten ditu nagusiki eta obiparoa da. Landaredi ugari duten leku harritsu, lehor eta eguzkitsuak eta leku gizatartuak atsegin ditu. Euskal Herriko eskualde atlantikoan oso arrunta da.


arrainak anfibioak narrastiak hegaztiak ugaztunak

AURKIBIDEA------SARRERA------KOKAPENA------UR BIZIA------URA HISTORIAN-------KUTSADURA
LANDARETZA------FAUNA------IKERKETA METODOA------IKERKETAREN ONDORIOAK------IRTENBIDEAK-------BIBLIOGRAFIA

UGAZTUNAK

Ur-satitsu hankazuria: Nahikoa satitsu handia da; gorputza eta burua: 18-27 cm; isatsa: 2-3 cm; pisua: 400-1900 g. Bizkarraldea eta alboak ia beltzak eta sabelaldea zuri grisaxka edo gorrixka dituena. Hanketan eta isatsean igeri egiten laguntzen dioten ile zurrunak ditu. Ibaiertzetan eta erreka-ertzetan eta leku hezeetan bizi da, batez ere, eta intsektuak eta bestelako ornogabeak jaten ditu. Euskal Herrian, eskualde atlantikoan bizi da.

Basasagua: Belarri eta begi handiak, isats luze eta mehea eta jauzi egiteko egokiak diren atzeko hanka eta oin luzeak ditu. Gorputza eta buruak 71-110 mm, isatsa: 69-115 cm eta pisua 14-30 g. Koloreari dagokionez, bizkarralde arre horixka du eta sabelaldea zurixka. Sarritan orban horia du bular-aldean. Gautarra da batik bat. Haziak eta fruituak jaten ditu normalean, baina batzuetan ornogabe txikiak ere bai. Euskal Herrian oso arrunta da.

Mendebaldeko ur-arratoia: Gorputza eta burua: 16-23 cm, isatsa: 10-15 cm eta pisua 150-280 g. Nahikoa ile luzea du eta belarrik ez zaizkio ia ikusi ere egiten. Isatsa luzea du, bizkarraldea arre iluna eta sabelaldea grisa edo gris horixka. Egun argiz aktiboa da eta landareen atal berdeak jaten ditu nagusiki. Urtarra da eta zuloak ibai eta lakuen ertzetan edo paduretan egiten ditu. Euskal Herrian, isurialde atlantikoko hainbat lekutan baino ez da falta.

Lur-sagu gorria: Gorputza eta burua: 81-123 mm, isatsa: 36-72 mm eta pisua 23-36 g. Gorputz lodikotea, buru biribildua, bizkarralde arre gorrixka, albo-alde grisaxkak eta sabelalde gris argia edo horixka ditu. Belarriak txikiak dira, baina iletik kanpo ageri dira. Gauez zein egunez aktiboa da. Landareen zati berdeak, fruituak eta ornogabe txikiak jaten ditu. Sastraka ugariko leku hezeak atsegin ditu.

Larre lur-sagua: Gorputza eta burua: 85-133 mm, isatsa: 25-46 mm eta pisua 19-52 g. Gorputz lodikotea, ile luze eta arre grisaxka, begi handiak eta isats luzea ditu. Gau eta egun da aktiboa, baina batik bat egunsenti eta ilunabarrean. Landareen atal berdeak jaten ditu nagusiki eta lurpean ematen du denbora gehiena. Sastraka edo belar ugari dagoen lekuak atsegin ditu eta Euskal Herrian, isurialde mediterraniarrean baino atlantikoan arruntagoa da.

Igaraba: Gorputza eta burua: 60-85 cm, isatsa: 35-45 cm eta pisua 7,4 kg (emeek), 10,3 kg (arrek). Gorputz eta isats luzeak eta ile arre iluna ditu. Hankak, aldiz, laburrak eta oinak hatzarteko mintzez hornituak ditu. Gautarra, bakartia eta oso igerilari trebea da. Ibaietan, lakuetan eta paduretan bizi da eta arrainak eta bestelako animalia urtarrak jaten ditu. Euskal Herrian, igaraba kopuruak atzera egin du azken hamarkadetan eta, gaur egun, oso urria da.

Bisoi europarra: Gorputza eta burua: 35-40 cm, isatsa: 13-15 cm eta pisua 500-1500 g. Marroi iluna da guztiz, ahoaren goialdean eta behealdean dituen orban zuriak izan ezik. Igerilari trebea da eta oinetan uretan errazago mugitzeko balio duen hatzarteko mintzak ditu. Ura dagoen lekuetan bizi da (ibaietan, paduretan, lakuetan,...) eta animalia txikiak jaten ditu. Gautarra eta bakartia da. Euskal Herrian oso urria da.

Desman piriniarra: Gorputza eta burua: 97-135 mm, isatsa: 13-15 cm eta pisua 35-80 g. Gorputz biribildu, iletsu eta arrea du. Muturra luzea, zapala eta mugikorra du eta isatsa oso luzea eta ile gogorrez hornitua. Atzeko hanketako oinek igeri hobeto egiteko balio duten hatzarteko mintzak dituzte. Ur-laster eta garbietan bizi da eta ornogabe txikiak jaten ditu batik bat. Euskal Herrian, Pirinioetako bi isurialdeetan bizi da.


arrainak anfibioak narrastiak hegaztiak ugaztunak

AURKIBIDEA
SARRERA
KOKAPENA
UR BIZIA
URA HISTORIAN
KUTSADURA
LANDARETZA
FAUNA
IKERKETA METODOA
IKERKETAREN ONDORIOAK
IRTENBIDEAK
BIBLIOGRAFIA